XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Karlistek erabilitako borroka-sistema gerrillen arteko gerra izan zen eta garaipen handiak lortu zituzten Zumalakarregiren zuzendaritzapean.

Haatik, karlisten artean tira-birak zeuden eta, horretaz gain, gerrak eragindako nekearen eta Zumalakarregi hil ondoren gidari eta estratega onen faltaren ondorioz, Bergarako hitzarmena (1839) sinatu behar izan zuten. Bake honen bitartez, armada karlistak Isabel erregina onartu zuen, baina, aldi berean, Foruak defendatzeko eta mantentzeko agindua lortu zuen Espainiako batasunari kalterik egin gabe.

Beranduagoko lege batzuek Foruen alderdi zehatzak aldatu zituzten: Foru Aldundien eta udalen erreforma, Nafarroako aduanen desagerpena, foru-baimena kentzea... Neurri horiek Foruen aurkako erasoak zirela ulertu zuten eta hauek defendatzeko korronte ideologikoa sortu zen: foruzaletasuna.

Foruzaletasuna

Karlisten porrotaren ondoren, ideologia foruzalea sortu zen eta XIX. mendeko bigarren herenean erradikalizatu egin zen. Ideologia honen oinarria Foruak ziren eta beste edozer gauzaren aurretik defendatzen zituzten plano teoriko eta intelektualean. Oinarrizko printzipioak bi hauetan labur daitezke:

- Foruak mantentzea, Euskal Herriko jatorrizko lege bereziak diren heinean.

- Erregimen politikoaren, legeriaren eta sistema ekonomiko-sozialaren originaltasuna.

Euskal Herriko originaltasuna mantentzeko nahiak ikerketa politiko, juridiko, historiko eta kultural asko eragin zituen eta, horrek guztiak, Euskal Herriko kulturaren berpiztea ekarri zuen. 1878an Donostian Revista Euskara Navarra aldizkaria agertu zen Iruñean eta Revista de las Provincias Euskaras aldizkaria Gasteizen; 1880an Donostian Euskal Erria aldizkaria agertu zen. Vasco edo euskal adjektiboa Euskal Herri osora hedatu zen eta, beranduago, euskaro adjektiboa erabili zen mugako bi aldeetako euskaldunak izendatzeko. Berpizkunde kultural honen irudi nagusiak, besteak beste, Iturralde, Kanpion, Oloriz, Sagarminaga, Manterola eta Delmas izan ziren.

Foruzaleen korronte moderatuenak Foruak, eskualde-testuinguruaren barnean defendatzen zituen, hau da, Espainiako batasunaren barnean; baina erradikalenek jada Estatu espainiarretik irteteko planteamendua egin zuten.

Espainian erregimen demokratikoa ezarri zenean 1868 eta 1874 artean karlismoa berrindartu zen Euskal Herrian. Bigarren Karlistadak (1872-1876) Penintsulako hainbat tokitan izan zituen ondorioak eta foruzaletasun tradizionala eta faktore erlijiosoa osagai garrantzitsuak izan ziren iraultza demokratikoaren aurrean.

Gerra amaitu ondoren eta monarkia berrezarri zenean, 1876ko uztailaren 21ean foru gehienak aldatu zituzten, nahiz eta Euskal Herriko industri ekonomiarentzat oso onuragarriak ziren alderdi batzuk mantendu ziren. Zehazki, kontzertu ekonomikoek Euskal Herriko probintziei autonomia administratibo eta fiskal handia eskaini zieten eta Foru Aldundiei botere asko eman zieten.

Arazo dinastikoa Don Karlos infantea Fernando VII.aren anaia eta oinordekoa zen eta joera absolutista zuen alderdiaren laguntza zuen. Ondorengotzaren arazoa Isabel jaiotzean sortu zen, Fernando VII.aren eta Maria Kristina Borboikoaren alaba hain zuzen ere. 1830ean Santzio Pragmatikoa argitaratu zen eta emakumeei tronura igotzeko eskubidea eman zien eta, beraz, ordura arte eskubide hori gizonei bakarrik ematen zien Lege Salikoa abolitu zuen.

Maria Kristina erregina eta Isabelen aldeko beste batzuk liberalengana hurbiltzen hasi ziren eta absolutismoaren aurkako hainbat neurri eta amnistia eman zituzten. 1833an Fernando VII.a hiltzean Don Karlos infantearen aldekoen (Santzio Pragmatikoa baztertu nahi zuten) eta Isabelen aldekoen artean enfrentamendua sortu zen.

- Bilatu bi karlistadei buruzko informazioa eta aztertu zein izan ziren protagonistak. Baloratu gerra hasteko arrazoiak.

JOSE MARIA IPARRAGIRRE. Gernikako arbola bere kanta, 1853an idatzitakoa, foruzaleen himnoa izan zen.